Zertan datza Pertsona Irisgarriak programa

Pertsona Irisgarriak programaren xedea adimen desgaitasuna duten pertsonenganako jarrera irisgarriak sustatzea da; batez ere, jendeari arreta ematen dioten langileen artean. Langile horiei gaitasun tekniko eta afektiboak eta jarrera egokien ereduak ematea da asmoa, beren inguruan irisgarritasuna bideratzeko. Horrekin guztiarekin, eragin hirukoitza lortu nahi da: adimen desgaitasuna duten pertsonen gaitasunak eta autonomia areagotzea parte-hartze aktiboaren bitartez; proiektuan parte hartzen duten jendaurreko arretako langileen gaitasun profesionalak garatu eta handitzea; eta haien konpainia edo erakundeetan emaitza hobeak sortzea.

Lehen fasean, Pertsona Irisgarriak programak BBKren babesa izan du, eta hainbat erakunde egon dira interesatuta: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Guggenheim Museoa, ItsasMuseum Bilbao, Kutxabank, Metro Bilbao eta Euskaltel.